ARI! proiektua kirola, dantza, adierazpen artistikoa eta aniztasuna uztartzeko asmoz sortzen den ekimen inklusiboa da, gazteei zuzendutakoa.
Ohiko kirol eskaintzetatik bestelako gorputz eta mugimendurako hautuak egin nahi dituzten desgaitasuna duten gazteentzat aukerak mugatuak dira orokorrean. Gazte talde anitzak elkartzeko (desgaitasuna duten eta ez duten gazteak), mugimendua eta sormena lantzeko, harreman berriak sortzeko eta batez ere ondo pasatzeko espazioak eskaintzeko lanean hasi zen ARI 2019an eta horretan jarraitzen du.
aniztasuna
mugimendua
generoa
sormena
gorputzak
arte biziak
Bide honetan lagun izan ditugu Bizipoza elkartea, proiektuaren sustatzaile gisa eta Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioa, Gipuzkoako Dantzagunea, Udalaren Musika eta Dantza eskola eta UPV/EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia (HEFA) Fakultatea.
Egitasmoak 3 lan ildo dauzka:
Hausnarketa espazioak: aniztasuna eta inklusioari buruz hausnartzeko espazioak sortzen dira, hezkuntza, gizarte-mugimenduak, dantza eta kulturaren arloko pertsonekin batera. Topaketa hauetan, kolektiboki praktika eta diskurtso bidezkoagoak eraiki nahi ditugu gorputzen arteko hierarkien aurrean.Ze gorputz ageri dira eta zeintzuk daude inbisibilizatuta? Nola inskribatzen dira gorputzetan iruditegi normatiboak? Ze aukera eta problematika aktibatzen dira gorputz desberdinak elkarlanean eta harremanetan jartzen direnean?
Era teorikoan eta praktikoan lantzen ditugu horrelako gaiak, hainbat formatuetan:
Ikastaro trinkoak: Jordi Cortes artistak dantza inklusiboaren esparruan aritzeko eta esperientziak partekatzeko egindakoa.
Topaketak: esperimentatzeko eta hausnartzeko topagune gisa. Topaketa hauek zuzendu dituzten profesionalak: Ageda Blasco. Nuria Pérez. Maylis Arrabit eta Alba Fernández.
Sorkuntza laborategiak: dantza eta sormena lantzeko saio praktikoak, desgaitasuna duten eta ez duten gazteen taldeei zuzenduak, arte-bizietako profesionalek emanak. Artista parte-hartzaileak: Ion Munduate eta Nuria Perez izan dira orainarte.
Material pedagogikoa: sormen laborategietatik abiatuta, material pedagogikoak sortzen dira esperientziak partekatzeko eta beraien praktiketara egokitzeko interesa duen edonoren eskura jartzeko.
Ion Mundua material pedagokioa.
Nuria Perez material pedagogikoa.
ARI! proiektuaren barruan beste ekimen batzuk ere garatu dira, hala nola: ARI! Aniztasunean jolastu: hezkuntza formalaren barruan pedagogia inklusiboari egindako ekarpena da. Praktika artistikoen eta jolasaren bidez, patioaren erabilera moduetan inertziak gelditzea proposatzen da, baita espazio horretan bizi diren gorputzen aniztasunaz kontzientziatzea eta ikusaraztea ere. Kultura Eskola katalogoaren baitan dago,Gipuzkoako DBHko ikastetxeetan egiten dena.