Erro(re)tik Tabakalera Kultura Garaikidearen Zentroarekin elkarlanean egindako proiektua da, Daniel eta Nina Carasso Fundazioaren Kultur Demokraziarako Aliantzen programari esker. Proiektua hainbat galderatik abiatzen da: Nola diseinatu daiteke, zeharka izanik ere, zaintzak praktikan jarriko dituen kultura erakunde bat? Nola sortu daiteke erakunde-espazio ireki eta anitz bat? Nola konprometitu gaitezke aniztasunarekin eta zaintzekin hain konplexua den egitura baten barnean? Zeri esaten diogu “aniztasuna”? Posible al da lan kolektiboa eta proiektu kulturalak erroretik birpentsatzea? 

2020 eta 2022 urteen artean aniztasunera bideratutako lanak sendotu nahi izan dira, eta lan horri dimentsio bateratu eta zeharkakoa eman. Gure helburua da Tabakaleran topagune irekiak, parte-hartzaileak eta aldi berean kritikoak sortzea; barne-hausnarketa eta egiturazkoa sustatzen duten espazioak eratzea.


 

aniztasuna

intersekzionalitatea

instituzio kulturala

zaintzak

Proiektuaren izena Erro(re)tik da. Honen bidez azpimarratu nahi dugu, alde batetik,  garrantzitsua dela erroretik hitz egitea eta errorea edozein eraldaketa kolektiborako funtsezko zatia dela onartzea. Bestetik, izenburuak “errotik” hitza barne hartzen du, eta horren bidez erreferentzia zuzena egiten dio Tabakaleraren egiturari berari eragingo dioten aldaketa erradikalak ahalbidetzearen garrantziari. Horretarako, esparru orokor bat proposatzen dugu, horren barruan hainbat lan-ildo eta ekintza zehatz garatzeko:

- Tabakalerako lantaldeari, programei eta lanerako moduei eragingo dien egiturazko hausnarketa egitea. (Arrazakeriaren aurkako, inklusio-politikei, osasun mentalari eta feminismoari buruzko barne-prestakuntza batzuk egin dira)

-Komunitate bitartekaritzako prozesua, osasun mentala, zaintza eta aniztasuna ardatz hartuta. Prozesu hau Why Not Fundazioarekin elkarlanean abiatu genuen 2015ean, kolektibo berriek bat egin dute eta aurrera darrai. Prozesu hori zuzenean eragiten ari da Tabakalerako politika eta programetan. 2022 urtean, UNIK - Adimen Kaotikoaren Unibertso Naturala taldea sortu da, bi astean behin Tabakaleran biltzen dena.

- I. eta II. mintegi desbideratua. Mintegia programa publiko gisa, alde batetik, proiektuan jorratutako gaiei buruzko eztabaida guneak irekiko dituena; eta, bestetik, sustako duena normalean diskurtsoari eskainitako guneetatik  baztertuta dauden pertsonen parte-hartzea.