Eskolak Dantzara! Bizkaiako hezkuntza komunitatea eta lurraldeko antzokietan ematen diren dantza-lanen arteko mediazio proiektua da. Bizkaiko Dantza Etxeak (Dantzabiz) bultzaturiko egitasmo honen bitartez, dantza-lanetan jorratzen diren gai edota elementu desberdinak hainbat ikastetxeen ikasleen ikaskuntza prozesuekin harremanetan jartzen ditugu. Honek, antzokietan eta ikastetxeetan kokatzen diren ezagutza desberdinen elkar eragitea ahalbidetzen du, zerbait berria sortuz. 

antzokiak

eskolak

mugimendua

ikaskuntza

kurrikuluma

Proiektu honen bitartez, Bizkaiko 7 ikastetxe, adin desberdineko ikaslegoa dutenak, haien udalerriko dantza programaziora gerturatzen ditugu (dantza garaikidea, euskal dantza edo dantza klasikoa). Talde parte-hartzaile bakoitzarekin, ikastetxean lehen saio bat burutzen dugu, ondoren antzokira goaz dantza-lana ikustera, eta bukatzeko azkeneko saio bat egiten dugu ikastetxean, prozesua isteko. 

Prozesu honen bitartez, gorputza eta mugimendua geletan barneratzea ahalbidetzen da, eta momentuan aurrera eramaten ari diren lan kurrikularra dantzarekin eta zehazki ikusiko duten dantza-lanarekin zerikusia duten alderdiekin uztartzen laguntzen da. Honela, kasuaren arabera, gai desberdinak partekatu eta bideratzen dira, geletan gertatzen diren inertzietatik haratagoko logikak sortzen dira, denbora eta espazio alderdiak lantzen dira, gorputzaren bitartez kontzeptu desberdinak jorratzen dira, norberaren eta besteen gorputzekin erlazionatzeko modu berri anitz sustatzen dira…

Egitasmo honek gorputzaren erabilera eta rol berriak sustatzeko aukerak zabaltzen ditu ikaskuntza prozesuetan zehar, eta dantza jakituria eremu bat gehiago bezala eta ezagutzaren alderdi desberdinak ikertzeko gune bezala ulertzen du. 

Ekimen honek, aldi berean, lurralde bereko erakunde desberdinak erlazioan ipintzeko balio du, hala nola antzokiak, ikastetxeak edota kultura-erakundeak, elkarlana sustatuz.