Kultura herritar ororen eskura egon dadin eta guztiok errepresentatuak izan gaitezen kultur espazio eta programazioak nork eta nola eraikitzen diren berrikusteko beharra dago: begirada aldatu, zentralitate berriak sortu eta kulturaren kontzeptua berrikusi. Galdera hauek sortzen zaizkigu: Nolakoak izan behar dute kultura guztiontzako irisgarriagoa izatea ahalbidetuko duten kultur politikak? Eta kultur praktikak? Nolako esperientzia artistikoak sustatu behar dira eraldatzaileak eta kalitatezkoak izan daitezen?
Artaziak ARI! proiektuaren 2023-2024ko edizioaren bidez hurbildu gara eskubide kulturalen eztabaidara. 2024ko martxoaren 20an Daniel Granados, Cristina Alonso eta Iker Atxa hizlariekin batera gure testuinguru kulturala berrikusi eta hausnartzeko aukera eman zigun topaketa antolatu genuen. Topaketa horretatik abiatuta, fanzine bat egin genuen Ane Zaldibar ilustratzailearekin batera herritarrak eta kulturaren esparruko profesionalak kultur eskubideen esparruak aktibatzen dituen gai ugariez sentsibilizatzeko.
Proiektu hau Eusko Jaurlaritzaren Bitartez deialdiaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Sailaren laguntzari esker garatzen da.
kultur politikak
mediazioa
irisgarritasuna
herritarrak
Ezagutzen dituzu zure eskubide kulturalak? Zure hiriko bizitza kulturalean parte hartzen duzu? Gure kultur politikek kulturara berdintasunez iristeko aukera eskaintzen al dute? Zer izan behar da kontuan bitartekaritza artistikoko eta kultura komunitarioko proiektu bat garatzerakoan? Nola egin demokrazia kulturalaren aldeko ekosistema baterantz joateko?
Galdera horiek eta beste asko erantzun ziren 2024ko martxoaren 20an Intxaurrondo Kultur Etxean antolatutako “Eskubide kulturalak. Begirada aldaketa” topaketan. Batez ere kultur kudeatzaile, bitartekari eta profesionalei zuzenduta, eskubide kulturalen gaia landu eta gure ingurune kulturalen berrikuspena egiteko balio izan zuen; ekimen artistiko, kultural edo bitartekaritzakoak proposatuz edozein herritar kolektibok kulturarako sarbidea eta esperientzia artistiko eraldatzaileez eta kalitatezkoez gozatzeko aukera izan dezan.
Topaketa honetatik abiatuta “Eskubide Kulturalak” fanzinea landu genuen Ane Zaldibar ilustratzailearekin batera. Argitalpen honen bidez kultur eskubideen eztabaida herritarren artean zabaldu nahi dugu; gaiaren inguruko elkarrizketak piztu, zalantzak sortu, ideia berriei aukera eman eta honela kultur politiketan eragin. Fanzinea eskubide kulturalez jabetzeko ariketa da.