Gorputz Tantak derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikastetxeetan gorputzaren presentzia eta kontzientzia lantzeko sortu den formazio eta material pedagogiko multzoa da, gelan egiteko moduko dinamika laburrez osatzen dena. 

Oraindik ere, DBHn gorputza ikasgai zehatzetarako bakarrik hartzen da kontuan orokorrean (gorputz-hezkuntzan ia soilik) eta beste espazio gehienetan ahaztu eta alde batera uzten da. Gainera, nerabezaroan gorputzaren egoera oso berezia da, aldaketa handiak ematen diren momentua delako, fisiologikoki, identitate eta autopertzepzio aldetik, komunikazio aldetik, emozioekin eta autoestimuarekin erlazionatutakoak... Neurozientziak dioena jarraituta, gorputza eta mugimendua, zentzumenak eta emozioak, ezinbestekoak dira ikaskuntza modu esanguratsuan gerta dadin.

ZER BEHAR DU IKASLEAREN GORPUTZAK IKASKUNTZARAKO PREST EGOTEKO?

Galdera hau abiapuntu, dantza, arte-hezkuntza, psikoterapia, fisioterapia, yoga eta diafreoaren alorreko profesionalez osaturiko taldea josi genuen, Gorputz Tantak ekimenaren dinamikak ahalik eta ikuspegi anitzenetik garatu ahal izateko. Material pedagogiko hau Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasgeletan irakasleek beharra dutenean erabiltzeko tresna izateko sortu da, gorputzaren eta nor bere egoera fisiko zein emozionalaren kontzientzia handiagoa izan eta harremanetan zein lanean jarraitzeko behar dugun hori lortzeko baliabide moduan: AKTIBATU, ERLAXATU, ENFOKATU, BIRKOKATU ala ELKARTU.

gorputzak 

mugimendua

ongizate fisiko eta emozionala

bigarren hezkuntza

Hezkuntzan paradigma aldaketa ematen ari da gaur egun, non ikaslearen rol aktiboagoa eta autonomoagoa sustatzen den, konpetentzien garapenaren bitartez, ezagutzen eraikuntza ardatz duena, hauen transmisio hutsean oinarritu beharrean. DBH, zehazki, eraldaketa hori eragile desberdinen artean gauzatu ahal izateko bidea egiten ari da, eta horretarako, gorputzak duen papera birpentsatzea eta ikaskuntza prozesuetan protagonismo handiagoa izatea ezinbestekoa da.

Horregatik beharrezkoa da irakasleen garapen profesioanala zentzu honetan sustatzea, gorputz-praktikak aurrera eramateko tresna berritzaileak egunerokoan barneratuz. Gorputzarekiko presentzia modu zeharkako batean handitzean txertatzea da gakoa, modu diziplinarteko batean.

 

GORPUTZ TANTAKen helburua  honetarako formazioa eta materialak partekatzea da. Edozein unetan, identifikatutako beharren arabera aplikatzeko moduko proposamenak dira, dinamika edo ariketa laburrak. Bi motatako dinamikak bereizi ditugu gai bakoitzean:

TANTAK: minutu inguruko ekintza laburrak dira, aktibatzen, erlaxatzen, enfokatzen, birkokatzen zein taldea elkartzen lagunduko digutenak, unean nahi eta behar dugunaren arabera.

KORRONTEAK: batzuetan tanta bat ez da aski eta energia iraunkorragoa duten proposamenak ere luzatzen dizkizuegu, bost minutu ingurukoak, goran aipaturiko helburu bera lortzeko denbora gehixeago beharko dugula uste dugunean erabili ditzakegunak.

Proiektu honen garapena ahalbidetzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako Berritzegunearekin eta Gipuzkoako ikastetxe ezberdinekin daukagun elkarlanak.