KONTADORES Gazte Zentroa, Donostiako Bidebieta auzoan kokatua dagoen gazteei zuzendutako sorkuntza eta kultura espazio bat da. Kontadores gazteentzako topalekua da, haien ideiak, denbora, ezagutzak eta esperientziak jasotzeko helburua duena. Espazio malgua da, proposamen anitzei irekita dagoena, eta ezagutza partekatuak eraikitzeko asmoa duena.

Donostiako Udaleko Gazteriaren baitan dagoen udal-espazio bat da. Artaziak, Kontadoreseko lantaldearekin batera, kultura-zerbitzuaren diseinuaz arduratu gara bederatzi urtez, 2014tik 2022ra, gazteen artean sorkuntza artistikoa sustatzeko helburuarekin eta artea eta kultura sortzeko, zabaltzeko eta kontsumitzeko beste hainbat modua ahalbidetzeko espazioa eratzeko nahiarekin.


 

kultura-zerbitzu diseinua

gazteak  

espazio kulturala

sorkuntza artistikoa

parte-hartzea

 

KONTADORES Gazte Zentroa, topaleku, erlazio eta sustapen gunea da, non 18 eta 30 urte bitarteko gazteek haien kulturarekiko interesak garatu eta sormen-proiektuak partekatu ditzaketen.

Kontadores espazioak baliabide sorta bat jartzen du erabiltzaileen eskura (materialak, langileak, hezkuntzako baliabideak...), banakako nahiz taldeko sorkuntza bultzatzeko, eta bertan sortzen diren gazte ekimenei bidea eta proiekzioa emateko.

Zerbitzu honek gazteei beren proiektuak aurrera eramateko tresnak eta espazioak eskaintzen dizkie. Gazteek fase guztietan aktiboki parte hartu dezaten sustatzen da, hori ahalbidetzen duten kudeaketa ereduen bitartez.

Kontadores gazteen elkargunea da, aisirako eta ikaskunztarako tokia, esperimentazio laborategia, adierazpenerako eta parte hartzeko bidea, sorkuntza eta ekoizpenerako laguntza, gizarte eta kultura espazioa.

Kontadoreseko jarduera hurrengo ekintza lerroetan antolatzen da:

Kultura laborategiak. Adibidez: munduko sukaldaritza, taldean elkar ulertzeko eta antolatzeko gakoak, ibilaldiak auzotik, argazkigintza irteerak, dantza, zirkua, artearen historia hackeatu, etab.

Areto lagapena_trukea. Aretoak erabiltzen dituzten pertsonek inoiz edo behin euren proiektua beste erabiltzaile batzuekin partekatzen dute.

Eszena. Arte bizi amateurraren difusio espazioa. Hilabetero batez besteko bi proposamen eszeniko programatzen dira, eta Mikroantzerki maratoia  programa garatzen da.

Proiektuak. Gazteek eginiko proiektuei laguntza, sustapen eta ikusgaitasuna eskaintzen zaie.

Testuinguru honetan, Artaziakek ekarpena honako galderei erantzuteko nahitik abiatu da: Nola diseinatu gazteen behar eta desioetan oinarritutako kultura zerbitzu bat? Nola ireki kultura programazioaren diseinua eta garapena hiritarrengana? Nola sortu espazio bat erabiltzaileen arte eta kultura proiektuen garapenerako baliabide izan dadin? Nola lan egin daiteke modu saretuan auzoko eragileekin eta Donostiako kultura testuinguruarekin? Nola antolatu administrazioarekin modu horizontalago batean?