Gure lan ildo nagusia arte-praktikekin hartu-emanak dituzten ikaskuntza prozesuak sortzean datza. Artea eta pedagogiaren arteko leku horretan, pertsona zein kolektiboen, eta baita arte-kultura instituzioen eraldaketarako espazioa irekitzen dugu. Museoekin, arte-zentroekin edota kultur-espazioekin egiten dugu lan, non hierarkiak eraldatzen saiatzen garen, sorkuntza kolektiborako espazio horizontalak sustatuz eta testuingurua harremanetan ipiniz. Praktika honetan funtsezkoa iruditzen zaigu ikuspuntu feminista txertatzea, gorputzak eta zaintzak-afektuak ikaskuntza prozesuen erdigunean kokatuko dituenak, subjektibitateak eta aniztasunak aintzat hartuz, eta gorputza ikaskuntza tresna gisa ulertuz.

Eragile/komunitateen arteko elkarlana interesatzen zaigu, non praktika kolektiboa, komunitate-esperientzia eta entzutea, egiteko modua izan den.  

Aldi berean, etengabeko laborategi batean ikusten dugu geure lana: hezkuntza-praktikak ikertuz eta aztertuz; sareen eta topaketen bitartez ikuspuntuak partekatuz; mugak zalantzan jarriz eta egiteko modu estankoenak gaindituz; eta geure praktika eta metodologiaren inguruan teorizatuz.